Korazatuak sokak askatu ditu eta irmo doa nabigatzen rockaren itsasoetan. Beharturiko 2 urtetako geldialdiaren ondoren, Potemkineko makineria martxan jarri da eta arriskutsua bezain hilgarria den album bat kaleratzeko gai izan da. Arriskutsua, behin diskoa entzunda berriz egiteko behar derrigortua sentitzen delako, era adiktibo baten harrapatzen zaituelarik eta hilgarria, berau osatzen duten 12 kantuek igortzen duten gaindosi rockeroari ihes egiterik ez dagoelako.
Potemkinen tripulazioak zenbait aldaketa jasan ditu. Baxujole eta taldearen sortzailetako bat izan zen Joxe Mari Azpitarte, untzitik lehorreratu zen arrazoi pertsonalak zirela medio eta denbora bat bila eman ondoren, Alexis Alonso izan zen oinarri erritmikoa osatuko zuen arduraduna eta bere baxuaren lau sokak eta feelinga korazatuko makina gelaren zerbitzura jarriko zituena. Honekin batera, Mikel Fernandez gitarrajolea talderatzearen ekarpenak, tinkotasun eta sendotasun puntu bat gehiago eman dio taldeari ababor eta istriborrea kupidarik gabe armategia tirokatzeko aukera.
Bi kide berri hauek, beteranoak diren Iker Martinez de Zuazo, Iban Idigoras eta Aixibar Urteagarekin batera, azken urteetan Euskal Herrian sortu den rock and roll talde kitzikagarriena osatzen dute. Boskoteari rocka dario poro guztietatik eta jarrera, energia eta gustu aparta ixurtzen dute akorde bakoitzean, rafaga bakoitzean; doinu bakoitzean, abordaia bakoitzean; kolpe bakoitzean, kainoi tiro bakoitzean. Guzti hau, "Gauaren Zaindariak" izeneko beraien iraupen luzeko bigarren lan hontan erakusten da. Bertan taldearen nortasuna indartzen dute, aurreko lanekin nahiko markaturik eta bideraturik zegoena.
Kantuen tematika bizitako esperientzien, ametsi iheskorren, inposaturiko ezarpenen kritikaren, gau basatien, etabarren inguruan kokatzen da. Azken finean, bere burua rockerotzat duen ororen sentimenduak agerian utzi eta sutan jarri zein odola irakiten duten gaiei buruzko hitzak jorratuz, beti ere Potemkinen filtroan iragazita, esan nahi dena esanda geratu dadin, ezer faltan edo soberan egon gabe.
Lirika guzti hau soinu trumoitsu batetan bilduta dago. Makinaren atal ezberdnak garbi daude olioztaturik eta ondo bateginda. Horrek, ahotsen erasoak errezten ditu, aurretik bateria, baxua eta kitarrek egindako bonbardaketak bidea lehundu eta zabaldu duelako. Dana dago bere tokian, egindako dana garbi eta zikin aldi berean. Potemkinekoek eta Txap, grabaketa teknikaria, dira soinuaren eta azken nahasketaren arduradunak. Hortarako, 2009.ko urria eta azaroa bitartean, Tolosako Bonberenea grabaketa estudioaz eta aurreko beste lan batzuk elkarrekin egin izanak ekartzen duen elkarulertzearen abantailaz baliatu dira.
Albumaren azalak eta diseinuak Ruben Idigoras eta Xabi Pikoren sinadura daramate eta bertan isladatzen dira lan hau osatzen duten 12 eztandek transmititzen duten egonezinak, desirak eta gauzatu beharreko beharrak. Osagai guzti hauek batuta inoiz baino sendo, zirikatzaile, boteretsu, mehatxari eta probokatzaileago agertzen dira. "Gauaren Zaindariak" honekin Potemkinek harri bat gehiago ipintzen du beraiek jasotzen ari diren zutabe hortan, bihotzez eta pasioz egindako rockaren oinarritzat balio duena. Demoarekin kainoiak kargatu bazituzten... lehen diskoarekin apuntatu bazuten... "Gauaren Zaindariak" honekin etenik gabe tirokatzen dute. Korazatuak aingura jaso du eta ezinezkoa da gelditzea
Iruzkinen atal honetan produktuari buruzko iritziak edo komentarioak jaso nahi ditugu, gero bistaratzeko.
Produktuari buruzko galdera edo zalantzaren bat baduzu, harremanak ataletik sartu behar duzu, erantzuna jaso ahal izateko.