

Izena: Gu ta Gutarrak
Egilea: Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Josu Zabala
Argitaletxea: Lanku
Azalpena:
Gutako bakoitzak hamaika gutar ditu bere baitan: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar lotsatia, gutar sexuala, gutar nagia, gutar eroa...
Partaideak Igor Elortza: bertsolaria. Unai Iturriaga: bertsolaria. Josu Zabala: doinu guztien egilea. Soinu txikia, akordeoia, teklatuak. Aitor Rubio: gitarra akustikoa eta elektrikoa. Xanpe: perkusioa, alboka, aho soinua
Josu Zabala (Hertzainak) musikaria eta Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolarien arteko elkarlana ez da oraingo emankizun honekin hasitakoa. 1994. urtean, Hertzainak-en ibilbide musikala bukatu eta gutxira hasi ziren musikariaren eta bertsolarien arteko harremanak. Bertsoaren eta musikaren uztartze hartatik sortu zen 7 Eskale proiektua, bere baitan bi emankizun bildu zituena: “Bertso berriak pobreziari jarriak” eta “Barrenkaleko Bluesak”. Orduko asmoa bertsoa musikara hurbiltzea izan zen eta ohiko bideetatik at helaraztea entzuleari. Lauzpabost urteren ostean burututzat eman zuten euren lana. Gaur arte.
Gu ta gutarrak proiektuan ere bertsoa eta musika dira oinarri, baina hurrenkera horretan. Hitzarena da nagusitasuna. Emanaldia hamar-hamaika bertso sorta musikatuk eta bat-bateko bertsoek ( a capella zein musikarekin lagunduta) osatzen dute. 7 Eskaleren esperientziarekin alderatuz, bat-bateko bertsoek tarte handiagoa izango dute, tokian tokiko gaiei edo garaian garaikoei heltzeko bide izango direlarik. Bertso sortei dagokienez, aurreko lanetan ez bezala (pobreziari eta drogei buruzkoak), ez dago batasun tematiko esturik. Alabaina, esan liteke Gu ta gutarrak kontzeptuaren barnean leudekeela guztiak. Eta zer edo nor dira Gu ta gutarrak? Gure baitan dauden izaera eta jarrera ezberdinak, inguratzen gaituzten eta partaide gaituzten mundutxoak: bertsolaritza, Euskal Herria, parranda, maitasuna, gaua…
Gu ta gutarrak ez da proiektu hertsi bat eta uneotan errepertorioa osatzen duten sortak desagertu eta beste batzuk agertu daitezke gerora, edo bat-bateko jardunak toki gehiago hartu, edo… Horregatik definitzen dugu, besteak beste, emankizun hau 7 Eskaleren lanak baino bertsolariagotzat.
Prezioa: 11-20 €
Adina: 14-16
Urtea: 2008
EUSKARAZKO PRODUKTUEN KATALOGOA
Harremanetarako:
KATALOGOA
Filmak,
Jostailuak eta jokoak,
Musika,
Komikiak,
Aldizkariak,
Liburuak,
Gurasoentzako materiala,
Informatika,
Ikasmaterialak
© 2009 Euskarazko Produktuen Katalogoa | iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A